Pixkanaka zuhaitzak hostoz janzten joan dira. Pago eta haritzei gehixeago kosta zaie baina azkenean, guztiak berdetu zaizkigu.
Zenbait egunez, pagadien berdetasuna sinesgaitza izan ohi da, eta oihan ilun hauen baitan kolore berde bizi-biziko argitasun zirraragarria egoten da. Hasiera batean zuhaitz-espezie bakoitzaren kolorea berezia izaten bada ere, egunak pasa ahala, iluntzen joaten dira eta espezie desberdinak urrutira bereiztea zailago gertatuko zaigu. Loreak berriz, zein baino zein politago, zein baino zein usaintsuago ditugu, intsektuak erakarri eta ugaldu ahal izateko. Animaliei dagokienean, ugalketaren goreneko unean daudela eta, ez dute denbora galtzerik. Bestalde, zomorroak ugaritu eta azken migratzaileak iristearekin batera, gure udaberriko fauna osatua izanen dugula aipatu behar da.
Maiatzaren 9a: NAZIOARTEKO HEGAZTIEN EGUNA
Maiatzaren 9an Hegaztien
Nazioarteko-Eguna ospatu ohi da hainbat eta hainbat herrialdeetan. Informazio
gehiagorako sakatu hemen. BirdLife
Internationalek antolatua.
Atera ditzagun kontuak.
Gure korrespontsalak elkarrizketatu duen zozoak bi kume atera zituen aurrena,
lau bigarren txitaldian eta hiru gehiago hirugarrenean. Beraz, bi zozo genituen
lekuan (bederatzi gazteak gehituta) orain 11 ditugunez, populazioa hazten ari
dela ondoriozta genezake, ezta? Ez bada! Urtea joan urtea etorri txori gehienek
txito asko ateratzen dituzte baina populazioek ez dute gorabehera izugarririk
izaten.
Nola ulertu bada hau? Animalia batzuk hainbeste
kume egitearen arrazoia, espeziearen hilkortasun handiarekin orekatzen da.
Honela, gure zozoak habiatik ateratako txito gehienak, harrapariek ehizatuko
dituzte, goseak hilko dira, edo auskalo nola akabatuko duten, baina oso gutxik
lortuko dute heldutasunera iristea. Adituen ustez, txori-espezie gehienetan
jarritako arrautzen % 10
edo gutxiago iritsiko da heldutasunera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario